Hurrengo hamabostaldia
Garapen Jasangarrirako Helburuak(GJH): Pertsona; ardura pertsonala, soziala eta enpresariala.
Argi dago aldaketa iraunkor batean murgildurik gaudela. Testuinguru honetan Nazio Batuen Erakundeak definituriko Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) ardatz dira edozein sistema sozioekonomikoan eta unibertsitatea, ezagutzaren sormen eta zabaltzaile den heinean, eboluzioa lideratzeko deitua dago.
Otsailaren 9tik 20ra emango den NIZUGU hamabostaldi honetan proposatzen diren ekintzak, nagusiki GJH hauetan eragin nahi dute:

Lehen sorospen ikastaroa, lehen urratsak (ikasleei zuzenduta)
Norbanakotik hasi eta lagun urkoa zaintzea ezinbestekoa da gizarte osasuntsu bat eraikitze aldera. Zertzelada modura hartu ditzakegun lehen sorospenekiko ezagutza xume baina edozein unetan baliagarriak izan daitezkeen hauek jasotzera animatzen zaitugu. Plaza mugatuak dira eta izena ematen duten lehenengo 40ak parte hartuko lukete bertan.
- Eguna: Otsailak 9 eta 11
- Ordua: 14:30tik 16:30ra
- Lekua: 5001/5002 Iturripe (Arrasate).
- Izen ematea: https://forms.gle/ncv5nrt4jZ7NRLYm9
Eman odola
Hainbat arrazoi daude odola emateko. Ez goaz hemen hauen deskribapena egitera. Nahikoa da norberak besteekiko garatu beharrekiko ardura aintzat hartu eta aurrean dituen ezintasunak gaindituz, urratsa ematea. Euskadiko Odol Emaileen Elkartearen eskutik hainbat odol ateraldi antolatu dira. Animatu parte hartzera!
Informazio puntu modura karpa bat prestatuko da edozein zalantza argitu ahal izateko.
- Goierriko campusean:
- Eguna: Otsailak 10,11,
- Ordua: 10:00tik 14:00ra
- Arrasateko campusean, Goiru/Garaia (11.eraikuntza):
- Eguna: Otsailak 16,
- Ordua: 9:30tik 13:15ra
- Arrasateko campusean (Iturripe):
- Eguna: Otsailak 17,
- Ordua: 9:30tik 13:15ra / 16:30tik 20:15ra
Emakumeak zientzian erakusketa
Mendeetan ezkutuan edo isilean egon diren hainbat emakumeen lanak suposatzen duen diskriminazioa gurea eginik, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko berdintasun taldearen laguntzaz, erreferenteak izan diren eta diren emakumeak identifikatu eta bistaratzea erabaki dugu. Egun erabiltzen ditugun teknologien sortzaileak ditugu bertan (GPS-a, ontzi garbigailua…).
- Otsailak 9tik 13ra.
- Arrasateko campusean (Iturripen) eta Goierrin.
- Otsailak 16tik 20ra.
- Arrasateko campusean (Goiru/Garaia, 11. Eraikuntza) eta Galarretan.
Ikasle Kontseilua eta kooperatibagintza: San Pankrazio egunaren antolaketa.
Eskola Politeknikoko Ikasle Kontseiluak zentzua hartzen du baldin eta kooperatibagintzatik jarrera proaktiboa badu. Saio honen helburua San Pankrazio egunaren antolaketarekiko hausnarketa egin eta lehen urratsak ematen hastea litzateke. Beti ere, hamabostaldi honetan kontutan hartu nahi diren GJHak azpimarratuz. Ikasle ordezkariak dira saio hauetara deituak daudenak.
- Noiz: Otsailak 9, 12:30tik 13:30ra.
- Non: 4112
- Nori zuzendua: Graduko 1. 2. eta 3. mailako gelako ordezkariei zehazki.
- Link-a: meet.google.com/iff-sgrc-pjf
Lehiaketa
Baloreetan oinarritzen den NiZuGu orientazio hamabostaldia honetan Garapen Jasangarrirako Helburuen inguruko lehiaketa txiki bat jarriko da martxan. Bi egunez behin, hamabostaldi honetan “pertsona” landuaz gizartearen zainketarekin zerikusia duten GJHrekiko 5 galdera luzatuko zaizkizue. Galdera gehien, era egokian, erantzuten duenak saritxo bat jasoko du.
Enpresa ariketa berezia
Enpresa ikasgaian txertatzen delarik, ingeniaritza graduetako 1.mailako ikasleak baloreen inguruko ariketa bat jorratuko dute. Etorkizuneko enpresa giroa, orain arte bezala, pertsonengan oinarrituko da eta gizartea aldatzen ari den heinean, gure baloreak non kokatzen diren hausnartzeko aukera emango digu. Saioa hauek otsailaren 9tik 20ra egingo dira, titulazio bakoitzean egun desberdinetan.
Kooperatibagintza: Otalorara bisita
Biomedika, antolakuntza eta mekanikako 1.mailako ikasleei bakarrik zuzenduta.
Graduko lehenengo mailako biomedika, antolakuntza eta mekanikako titulazioko ikasleek Otaloran kokatzen den MONDRAGON talde kooperatiboaren esperientzia ezagutzeko aukera izango dute. Bisita gidatua izango da eta Debagoiena bailaran 1956. urtean hasiera eman zitzaion proiektu sozioekonomiko liluragarriaren sorrera, garapena eta bilakaera ezagutzeko aukera izango dute.
- Otsailak 9 Biomedika
- Otsailak 12 Mekanika H
- Otsailak 13 Antolakuntza A
- Otsailak 17 Mekanika B
- Otsailak 19 Antolakuntza B
- Otsailak 20 Mekanika A
Giza enpresa
MGEPeko edozein titulazioetan masterreko ikasketak burutzen ari diren ikasleek kooperatibagintzari loturiko saioa izango dute. Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko (ALE) bi kidek zuzenduko dute saioa. Enpresa baten egoera katramilatu batetik abiatu eta gizatasunetik, kooperatibagintzaren zentzua mamitzen joango dira.
Ordutegien dokumentua ikusi
